Gaur egun, leku guztietan entzuten dugu Adimen Artifizialaren oihartzuna. Batzuetan, sormen-lanean ari garenoi pauso bat atzera ematera bideratzen gaitu, sute baten aurrean bageunde bezala, gure burua babestu nahian.

Sute hori gero eta handiagoa egiten ari da; inguruko material guztiaz elikatzen da, lanean zein kalean erabiltzen hasi garelako. Sugarrak gero eta gertuago daude, eta urrutitik ikus dezaket izaki guztiak nola ari diren poliki-poliki bertan murgiltzen.

Suteak, ordea, ez du sentimendurik, eta hori garbi ikusi dut izakien negarrak gero eta gertuago entzuten ditudan bitartean.

Hemen dago dagoeneko sutea, baina pentsatzen ez nuena gertatu da: erredura batzuk izan ditudan arren, lorea izaten jarraitzen dut, nire lursailean sendo. Suteak harrapatu nauen arren, nire haziak eta sustraiak lur azpian daude, eta horiek ezin ditu erre.

Sormen prozesuaren gakoa sentimenduak, bezeroarekiko harremana eta bizipenak dira. Suteak ez du azalik, ez du bihotzik, eta sekula ez ditu horiek sentituko. Hortaz, lasai egon: suteak gainetik pasa arren, sustraiek sendo helduko diote aro berriari, eta baliteke, gainera, sugar horietatik ikastea!