Sormen prozesuan milaka buruko min, zalantza, ezinegon eta bizipen korapilatsuak pilatzen dira. Esan genezake sentimenduak beti borborrean daudela; babarrun kazuola baten antzera, batzuetan beratzen lasaitasuna aurkitzen dute, eta beste batzuetan, ordea, irakiten eta sutan harrapatzen gaituzte, lanez gainezka eta entrega-epeak gainean ditugula. Bazkaltzeko orduan babarrunak mahaian egon behar duten bezala, lanak ere garaiz entregatu behar dira.
Sormenaren pauso eta lotura ezberdinen ondorioz, beratze-fasea eta ideiak garatzeko unea asko luzatu daiteke, batez ere inspiraziorik ez dagoenean. Egoera horietan, babarrunentzako tipula sardexka batekin moztu beharrean eskuekin txikitzea bezala izaten da: lana egin arren, ez dugu aurrera egiteko biderik ikusten.
Horrek milaka pentsamendu ekartzen dizkizu burura. Nahiz eta "Tolosako babarruna" izan (hau da, balio handiko sormena), supermerkatuko babarrun klase eskas baten pare ikusten duzu zure burua. "Ez bazaie gustatzen? Agian, hainbeste denbora pasatu ondoren, ezezkoa esango didate. Zergatik aukeratzen naute niri, besteak nireak baino hobeak eta merkeagoak direnean?"
Plater baten inguruko metafora erabiltzen ari garen arren, sormen prozesuak niri barnean eragiten dizkidan galderak dira horiek. Ez da erraza horrelako buruhausteekin bizitzea, baina horretan gaudenean, pentsamenduak kontrolatu behar ditugu; buruari gogor egin eta "gai naiz" esan. Hortaz, goazen Tolosako babarrunak goraipatzera. Denbora luzea ala laburra izan, produktua ona bada... aurrera!
