Sormenean, gakoa desberdintasuna da; zerbait berezia eskaintzea jendeak zugan errepara dezan. Horregatik, ezinbestekoa iruditu zait nire marka pertsonala lantzea; neure burua produktu baten gisa aurkeztu beharrean, proiektu bizi baten gisa aurkezten dut.

Nire marka pertsonala sortzerakoan, kontzeptu sendo bat garatzea ezinbestekoa dela ikusi dut. Etorkizunean sormenaren munduan jardun nahi badut, hasieratik landatu behar ditut nire haziak, txikienak izanda ere. Horrexegatik, neure burua landare batekin alderatu dut: landareek bezalaxe, nik ere nire prozesuak eta hazkunde-garaiak ditudalako.

Lehenik eta behin, haziak daude: nire barnean ditudan sentimenduak, bizipenak eta baloreak. Ingurukoek eman didaten ondarea dira, lur azpian sendo lotuta ditudanak. Ondoren, sustraiak datoz; horiei esker hasi naiz bide berriak urratzen eta loratze-prozesua prestatzen. Landare batek fotosintesia behar duen bezala indartzeko eta energia hartzeko, nik ere nire ureztatze propioa dut: nire gaur egungo ikasketak. Horiek dira niri indarra ematen didatenak, bihar lore izugarri bat izateko asmoz.

Horixe naiz ni: nire haziak mimoz landatzen ari den sormen-loretxoa.